Oso harrera ona egin diote, beste behin ere, adin guztietako herritarrek UPV/EHUren Zientzia Asteari; azaroaren 7tik 11ra izan da hamazortzigarren edizioa Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon eta aurten Eibarren ere. 20.000 lagun bertaratu dira Zientzia Astea hartu duten lau egoitzetara, ikastetxeetako eta partikularren bisitak kontuan hartuta: 9.000 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 3.200 inguru hurbildu dira Bibat museora, 4.000 Tabakalerara, 200 Portalea Kultura Etxera Eibarren eta, beste 3.500 Barakaldoko Clara Campoamor Zentrora.
UPV/EHUren Zientzia Astearen edizio honetan inoiz baino ekintza eta jarduera ugariago antolatu dira, 190 inguru. Zehazki, 46 txoko zientifiko egon dira ikusgai (21 Bilbon, 14 Donostian eta 11 Gasteizen) eta ehun jarduera baino gehiago antolatu dira horrela banaturik: tailerrak (60 guztira), bisita gidatuak (40 baino gehiago), hitzaldiak, erakusketak eta bost ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta, bakoitza egoitza batean. Noski, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua egon da aurten ere, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako bost hirietan ikusgai egon baita: azaroaren 8an, osteguna, Barakaldon eta Eibarren izan zen, 9ean Vitoria-Gasteizen eta larunbatean Bilbon eta Donostian.
Beste alde batetik, bost lehiaketa antolatu dira, eta haietako bitan irabazleak jakinarazi dituzte dagoeneko. X Argazki Geologikoen lehiaketan lehenengo sariak para Itxaso Hernández (IES Botikazar BHI, Bilbo) eta Mikel Macías (IES Miguel de Unamuno, Vitoria-Gasteiz) ikasleek irabazi dituzte. Haikus Matematikoak lehiaketan, berriz, Amelia Bravo Vadillo (Badajoz) irabazlea izan da eta accesita Tarragonaraino joan da, Eric Falcón Magínen eskuetara. Saridun Buruketak, Ehuskarabanda eta Zer egin hondakinen arazoari aurre egiteko? beste hiru lehiaketen saridunak laster ezagutuko dira.
Itsasora 6.000 lagun baino gehiagori hurbildu dio UPV/EHUk
Zientzia Astearen aurretiko hiru asteetan, urriaren 16tik azaroaren 4erarte hain zuzen ere, “UPV/EHU Itsasoaan” ekitaldia ospatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan.
Zientzia Astearen aperitibo bezala UPV/EHUk antolatutako ekitaldi tematiko honetan hainbat jardueraren bitartez, itsas biologiari, kutsadurak itsasoko bizitzan eragiten dituen ondorioei, itsas energia berriztagarriei eta nabigazioari buruzko askotariko alderdiak deskubritu ahal izan zituzten biztanleek modu interaktibo, dibertigarri eta bisual batean..
Zientzia Astearen eta “UPV/EHU Itsasoan” jardueraren azken zifrak batuz, UPV/EHUk zientzia eta jakituria 26.000 lagunei hurbiltzea lortu du, hiru euskal probintzietan.